Noticias
EEPFk, VOLOk ETA LEARTIKERek, HASTAPENERAKO PLASTIKOZKO XISTERA GARATU DUTE EUSKO JAURLARITZAREN LAGUNTZAREKIN
Egun pozgarria gaurkoa Zesta Puntako espezialitatearentzat, hastapenerako garatu den plastikozko xistera baten merkaturatzea aurkezten delako.
Berrikuntza honek, naiz eta gaur aurkeztu, ez du ibilbide erreza izan, ideiaren sorrera 2019. urtean izan bait zen, Xistera proiektuaren barruan, Zesta Puntaren hedapena mugatzen zuen hainbat behar izan identifikatu ostean.
Proiektuaren sorreran XISTERA elkartea, ASCA enpresa eta LEARTIKER erakundea elkartu ziren, hasierako plastikozko xisteraren garapenari forma eman eta helburuak ezartzeko. Horretarako TEKNIKAren laguntza izan zuten. Proiektuaren garrantziaz jabetuta 2021. urtean EUSKO JAURLARITZAKO KIROL ZUZENDARITZAK proiektua laguntzea erabaki zuen eta bultzada honi esker Zesta Puntak behar duen hastapeneko xistera garatzea lortu da.
Ondorengo beharrak identifikatu zituzten:
- Hasi berrientzako zumitzezko zestaren kostea jaistea.
- Beste kirolekiko diskriminazioa zegoen (koste aldetik ulertuta) bai eskola arautuan zein kirol eskoletan. Honek kirol honen hedapena mugatzen zuen.
- Zumitzezko xisteraren kostu haundi horren ondorioz, ezin zen Zesta Puntako eskoletatik kanpora kirol hau praktikatu.
- Kirolaren hedapen naturala mugatuta zegoen.
- Kirol honetan berrikuntzak sartzeko zailtasunak zeuden.
- Zestagile gutxiago zegoen, beraz arazo bat etorkizuneko hastapena/haurrentzako.
Lan taldeak proiektuaren ibilbidean aldaketak izan zituen EUSKO JAURLARITZAKO KIROL ZUZENDARITZA eta EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZAREN partehartzearekin (azken honek Xistera ordezkatuz, kluben ordezkari bezala) ondorengo helburuak zehaztuaz:
- Konpositez egindako xistera ekonomiko eta erabilgarri bat sortzea.
- Zesta Puntako klubetan erraz hedatu zitekeena.
- Edozein haur edo gurasok erosi zezakeena.
- Edozein neurriko pilotalekuetan erabili ahalko zena.
- Zesta Puntako jokamoldea ohikoa ez den klubetan praktikatu ahalko zena.
- Hezkuntza arautuko heziketa fisikoko irakasgaian erabili ahalko zena.
Proiektuaren garapenean aurrera egiteko, hasiera hasieratik, elkarlana ezinbesteko izan da eta hori dela eta EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZAK, material berrien garapenean adituak diren VOLO elkartearekin eta LEARTIKER erakundearekin sinatutako hitzarmenean parte hartzea erabaki zuen. Hitzarmen honen helburu nagusiak hauek dira:
- Plastikozko xistera honen bidez kirol hau ahalik eta gehien hedatzea.
- Proiektu honetatik lortutako etekin ekonomikoak, garapen berrietan berrinbertitzea.
Elkarlan honetan ondorengo pausuak eman dira:
- Xisteraren plastikozko gorputzaren diseinuaren garapena.
- Erabilgarritasuna eta arintasuna lortzeko helburuarekin, diseinu honen ezaugarri nagusiena alboetako saihets formako egiturak dira.
- Moldearen fabrikazioa. Abadiñon kokatua dagoen ASCA enpresan garatu da aluminiozko moldea.
- Goantearen diseinua eta fabrikazioa. Aurreko garapenetako diseinua erabiltzea erabaki zen.
- Muntaia.
- Salmenta.
Gaur aurkezten den Zesta Puntako xisteraren ezaugarriak ondorengo hauek dira:
- Pisua: 350 gramo.
- Luzera: 55 zentimetro.
- Adina: 6 eta 12 urte bitartean.
- Pilota motak:
- Teniseko pilota.
- Eskuzko pilota goxoa.
- Iraunkortasuna: haundia.
- Erabilitako materiala:
- Plastikozko botilen tapoietatik lortutako plastiko berriztagarria.
- Salneurria:
- Klubentzako: 36,30 € (BEZ barne).
- Orokorra: 60 € inguru (BEZ barne).
- Salmenta tokia:
Badira hilabete batzuk, xistera hau Zesta Puntako eskoletan erabili duguna eta hasierako frogak ezin hobeak izan dira. Hastapenerako erabiltzen diren zumitzezko ohiko xistera batek baino 100 gramo gutxiago edukitzeak ikaskuntza prozesuan abantaila izugarria ematen du.
Elkarlan honen lehen fruitua izan da hastapenerako Zesta Puntako xistera berri merke eta erabilgarri hau, eta etorkizunean, Euskal Pilotako modalitate ikusgarri honek dituen arazo desberdinei konponbidea emateko garapen berriak gauzatuko dira. Hauek gauzatzeko, proiektu honetatik sortutako dirua erabiliko da, kirol hau berrikuntzatik etorkizunean laguntzeko.