Noticias

EMAKUMEZKOETAN 3 URRE ETA GIZONEZKOETAN URREZKO 1 ETA 3 BRONTZEREKIN BUKATU TXAPELKETA SELEKZIOAK
Emakumezkoetan hiru modalitatetik hirurak irabazita sailkapen orokorreko txapeldun eta gizonezkoetan modalitate guztietan dominak lortuta sailkapen orokorreko azpitxapeldun geratu da Euskal Pilota Selekzioa.
Txapelketa ezin hobea gure neska mutilena Freixo de Espada á Cintan, modalitate guztietan dominak lortuta. Txapelketarik txapelketa markak hausten doa gure selekzioa eta CIJB erakundeak antolatzen dituen txapelketetan erreferente bilakatu da. Atzean geratzen da 2015. urtea, Oiartzungo Txost Pilota Klubak, kotxea hartuta Herbehereetako Franeker hirira egin zuen bidaia Llargues modalitateko Kluben arteko Champions txapelketa jokatzeko. Bertan, euskaldunak ezagutu ere ez gintuzten egiten eta gaur egun nazioarteko erakunde honetako selekzio erreferentea bilakatu gara. Nola ez, aurreko urte arte gure hautatzailea izan den Jose Mari Mitxelenari aitortza, bera gabe guzti hau ez zelako posiblea izango.
Gaurko goizean Llargues modalitateko azken fasearekin hasi dugu eguna eta gure mutilek Herbehereen aurka jokatu dute finalerdia. Partidoa 1-0 irabazten hasi diren arren, zoritxarrez, partidoa ez da asko luzatu eta Herbeherarrek nagusitasunez eraman dute norgehiagoka 1-6ko markagailuaz. 3-4.postuko lehian atzoko ligaxkako aurkariak errepikatu dira. Euskal Selekzioa eta Belgika. Atzo baino estuago joan da partidoa eta hainbat erremontadaren ostean, azken setean erabaki da garailea; Euskal Selekzioak 6-5eko markagailuaz brontzezko domina eskuratuz.
Arratsaldean, txapelketa honetako antolatzaileen modalitatearen txanda izan da, Pilota Portugaldarra hain zuzen ere eta bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan urrezko domina eskuratu Euskal Pilota Selekzioak. Gizonezkoak, finalerdia Belgikaren aurka 20-6 irabazi dute eta finalean Balentzia 20-6 mendean hartu dute. Ikustekoa izan da, gure pilotariak horma ziur gabe horretan izan duten jokoa, bertako jendea harrituta utzita. Emakumezkoek aldiz, atzoko egunean finalera sailkatzea lortu zuten eta finala atzoko taldeko fasean galdu zuten Ingalaterrako nesken aurka jokatu dute. Argi utzi dute atzokoa istripu txiki bat izan zela eta 20-14 irabazita txapelketako hirugarren urrea lortu dute.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu hautatzaile lanetan aritu diren Patri Espinar eta Eneko Uriberi eta nola ez Euskal Pilota Selekzioako pilotari guztiei, jokatu dutenei eta hautaketatik kanpo geratu direnei, benetan eskerrik asko.