Noticias
Deporte
G.R.A.B.N.I. 2026 TXAPELKETAKO FINALAK BIZKAIAN JOKATUKO DIRA OSTEGUNEAN ETA OSTIRALEAN
Federazioen arteko txapelketa martxoaren 15eko asteburuan hasi zen, eta liga faseko bost jardunaldiak eta finalerdiak jokatu ondoren, azken fase handia Bizkaiko hainbat udalerritan ospatuko da.
G.R.A.B.N.I. 2026 txapelketako finalak ostegun eta ostiral honetan jokatuko dira Bizkaian. Federazioen arteko txapelketa historiko hau martxoaren 15eko asteburuan hasi zen, eta, liga faseko bost jardunaldiak eta finalerdiak jokatu ondoren, mailarik goreneko finalak erabakitzeko unea iritsi da.
Azken urteetan, federazio guztien arteko adostasunari esker, finalak Gasteizen ospatu izan dira. Aurten, ordea, finalak Bizkaian jokatuko dira, Bizkaiko Eusko Pilota Federazioak bere mendeurrena ospatzen duelako eta federazioak final handi hauek Bizkaian antolatzea eskatu zuelako. Horrela, Bizkaiko hainbat udalerrik federazioen arteko txapelketako final nagusiak hartuko dituzte, euskal pilotaren modalitate eta espezialitate ezberdinei ikusgarritasuna emanez.
Finalen egitaraua apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean garatuko da, ezker paretako frontoietan eta trinketetan. Guztira, modalitate ugaritako finalak jokatuko dira: eskuz banaka eta binaka, paleta gomazkoa, larruzko paleta, pala motza, frontenis, zesta punta, xare, joko garbi eta paleta argentina, besteak beste.
Bizkaiko udalerri ezberdinek hartuko dute protagonismoa azken fase honetan. Sestao, Bilbo, Abadiño, Barakaldo, Berriatua, Galdakao, Larrabetzu, Markina-Xemein eta Zierbena izango dira G.R.A.B.N.I. 2026ko finalen agertoki nagusiak. Horri esker, zaleek maila goreneko pilota partidak zuzenean ikusteko aukera izango dute lurraldeko hainbat frontoi eta trinketetan.
Lehiaketaren azken fasean Bizkaiak eta Nafarroak presentzia nabarmena izango dute, ezker paretako final kopuru handienarekin. Datu orokorrei erreparatuta, Bizkaiak 32 final jokatuko ditu ezker paretan eta 4 trinketean; Nafarroak, berriz, 28 ezker paretan eta 10 trinketean. Gipuzkoak 22 final izango ditu ezker paretan eta 5 trinketean; Iparraldek 2 ezker paretan eta 11 trinketean; Arabak 4 ezker paretan eta 3 trinketean; eta Errioxak 2 ezker paretan eta 1 trinketean.
Finalen artean, apirilaren 30ean Sestaoko Las Llanas pilotalekuan jokatuko den jaialdiak arreta berezia izango du. 19:30ean hasita, Larruzko Paleta Nagusiak eta Pala Motza Nagusiak finalak jokatuko dira, eta bi partida horiek ETBONen zuzenean eskainiko dira. Larruzko Paleta Nagusietan Gipuzkoa eta Nafarroa izango dira aurrez aurre; Pala Motza Nagusietan, berriz, Bizkaia eta Nafarroa.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak nabarmendu nahi du G.R.A.B.N.I. txapelketa funtsezko hitzordua dela euskal pilotaren egutegian. Federazioen arteko lehia sustatzeaz gain, modalitate ezberdinetako pilotariei denboraldiko txapelketa garrantzitsuenetako batean lehiatzeko aukera eskaintzen die.
Federazioak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzen duten federazio guztiei, Bizkaiko Eusko Pilota Federazioari, finalak hartuko dituzten udalerriei, klub laguntzaileei eta antolaketa lanetan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiei. Haien laguntzari esker, Bizkaiak euskal pilotaren festa handi bat biziko du ostegun eta ostiral honetan.
Finalen egoitza nagusiak
Apirilak 30, osteguna:
Sestao, Berriatua, Bilbo Deportivo eta Galdakao.
Maiatzak 1, ostirala:
Bilbo, Abadiño, Barakaldo, Larrabetzu, Markina-Xemein, Sestao eta Zierbena.


.jpeg)
(1).jpeg)
.png)
.png)
.png)
.jpeg)

.png)
.png)

.jpeg)
.png)
.png)

