Noticias

22oct
BESTE BI FINAL EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT Deporte

BESTE BI FINAL EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT

Julen Alberdi frontballean eta Nagore Martín gomazko paletan finalera sailkatu dira. Emakumezkoen frontballeko finalerdia galdu da, eta larruzko paletako taldea kanporatuta geratu da.

Euskal Pilota Selekzioak beste bi final lortu ditu FIPVren XX. Munduko Txapelketako zazpigarren jardunaldian. Julen Alberdik Espainiako Santi Yaniz gainditu du gizonezkoen frontballeko finalerdian, eta Nagore Martínek Mexikoko Dulce Figueroa emakumezkoen gomazko paletan. Aldiz, Miren Larrartek Mexikoko Paola Reyesen aurka galdu du frontballeko finalerdia eta brontzea izango du jokoan. Larruzko paletan, euskal selekzioa kanporatua izan da.

Gizonezkoen frontballa: Alberdi, finalera

Julen Alberdik 10-6, 4-10 eta 5-2 irabazi dio Santi Yaniz espainiarrari. Espainia zen faboritoa, egungo munduko txapeldunordea baitzen, baina Alberdi iaz baino prestatuago iritsi da Munduko Txapelketara, esperientzia eta hilabete askotako lana pilatuta. Lehen jokoan Yanizek erritmoa ezarri du kantxaren erdialdea hartuta eta pilota airez asko mugituta. Julen, ordea, eroso aritu da defentsan eta tantoak luzatu ditu. Biek nabaritu dute nekea, baina Alberdik hobeto eutsi dio, huts gutxiago egin ditu eta gehiago errematatu du: 10-6. Bigarrenean Yanizek egoera irauli eta 1-5 aurreratu da. Julenek arriskatzea erabaki du, baina akatsak ere egin ditu eta 4-10 galdu du jokoa. Atseden hartzeko baliatu du. Bost tantora jokatutako berdinketa hausteko jokoan bikain hasi da: Yanizi botea bilatu dio aireko jokoa eragozteko, eta aurkariaren bi akatsek eta bere tanto erabakigarriek 5-2ko garaipena eman diote. Mexikoren aurka jokatuko du finala.

Emakumezkoen gomazko paleta: Nagore Martín, finalera

Nagore Martínek 15-10 eta 15-6 irabazi dio Dulce Figueroa mexikarrari, bere partidarik sendo eta osoenetako batean. Tantoak amaitzen jakin du, jokaldiak egin ditu eta fisikoki zein mentalki oso indartsu aritu da: urte osoan entrenatzen duen bezala lehiatu da azkenean. Figueroa teknikoki bikaina da, baina Nagorek ia ez dio aukerarik eman eta ekimena une oro berea izan da. Lehen seta 15-10 amaitu da. Bigarrenean estrategia bera erabili du: lehen pilotak atzera bidali, mexikarra korrika egitera behartu eta tantoak amaitu (15-6). Ostiralean Maider Ardanaz espainiarraren aurka jokatuko du finala; Munduko Txapelketako lehen partidan irabazi zion.

Banakako zesta-punta: finalen aurrerapena

Banakako zesta-puntako bi partidek finalen aurrekari gisa balio izan dute. Gizonezkoetan, Ortzi Aldazabalek 11-15, 15-3 eta 10-0 irabazi dio Olharan frantziarrari. Lehen seta oso parekatua eta bizia izan da, tanto ikusgarriekin; hamarnako berdinketaren ondoren frantziarrak irabazi du. Bigarrenean, Ortzi 5-3 aurretik zela, Olharanek belaunean min hartu eta partida utzi behar izan du. Aritz Erkiagak Frantziaren aurka jokatuko du finala hilaren 23an, ostiralean.

Emakumezkoetan, Maialen Aldazabalek 5-15 eta 8-15 galdu du Erika Mugartegi espainiarraren aurka, ia entrenamendu modura planteatutako partidan, aurkariaren jokoa aztertzeko. Maialen ondo hasi da, baina pilota bizitu denean espainiarrak indar guztia baliatu du. Bigarren setean, pilota motelagoarekin, Erikak min handia egin du eskuinarekin eta errebotetik. Maialen jokoa mugitzen saiatu bada ere, gaur espainiarra nagusi izan da. Finala Espainiaren aurka izango da.

Emakumezkoen frontballa: brontzearen bila

Bidaniako Miren Larrartek 8-10 eta 5-10 galdu du Mexikoko Paola Reyesen aurka finalerdietan. Reyesek bere abiadura eta pilotaren kontrola baliatu ditu eta ia ez du hutsik egin. Mirenek tanto asko menderatu ditu, pilota ondo mugitu du eta defentsan sendo aritu da; baina tantoak luzatu ahala akats gehiago egin ditu, eta mexikarrak aprobetxatu ditu. Lehen seta zortzinako berdinketaren ondoren erabaki da (8-10), eta bigarrenean launako berdinketatik aurrera Reyesek alde egin du (5-10). Orain Venezuelaren aurka hirugarren postua izango du jokoan Euskal Pilota Selekzioak. Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga dira euskal ordezkariak; Mikel Rafael hautatzaileak erabakiko du bietako nork jokatuko duen.

Pilota egokitua: Frantziaren aurkako bi finalen atarian

Sergio Rodríguezek eta Germán Elkorok 7-15 eta 3-15 galdu dute Leroy eta Cabanne frantziarren aurka, 36 metroko frontoiko ligaxkako azken partidan. Frantziak bere atzelari indartsuena zelairatu du, Cabanne, eta hasieratik kontrolatu du jokoa. Euskal bikoteak zenbait akats egin ditu hasieran eta markagailuan hurbiltzea lortu du, baina frantziarrek erritmoa igo dute (7-15). Bigarren setean, Beñat Lizasok Germán Elkoro ordezkatu du, baina joera bera izan da, Cabanneren kolpeak nagusituta (3-15). Euskadi eta Frantzia bi finaletan ariko dira: ostegunean trinketean eta larunbatean 36 metroko frontoian.

Larruzko paleta: kanporatuta

Egun tristea larruzko paletan: Iñaki Urrutiak eta Ibai Pérezek 4-15 eta 9-15 galdu dute Román Maldonado eta Mateo Billorou argentinarren aurka. Ligaxkako bigarren porrotarekin, euskal selekzioa kanporatuta geratu da. Argentinako bikotea oso indartsua da aurrean zein atzean, eta abiadura handia eman dio pilotari, euskaldunak defentsan jokatzera behartuta. Euskal aurrelariak ez du asmatu, eta bigarren setean Markel Sierra sartu da atzean Ibai Pérezen ordez. Jokoa zertxobait hobetu da, baina ez da nahikoa izan. Hala ere, balorazioa positiboa da: bikoteak dena eman du, Argentina eta Espainia zituen multzo oso gogorrean.

Balantzea: 15 final posibleetatik 10 lortuta

Bihar Estatu Batuen aurka jokatuko den pala motzeko finalerdia falta dela, Euskal Pilota Selekzioak jokatzeko aukera zituen 15 finaletatik 10etara sailkatzea lortu du, eta horietako bitan urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratu ditu dagoeneko. Bihar pala motzean finalerako txartela lortuz gero, 11 final izango dira guztira. Gainera, xarean eta emakumezkoen frontballean brontzezko domina lortzeko lehiatuko da. Bi modalitatetan baino ez da geratu Euskal Pilota Selekzioa domina eskuratzeko aukerarik gabe.

Jardunaldiko emaitzak

• Gizonezkoen frontballa · Finalerdia: Julen Alberdi (Euskadi) 2 – Santi Yaniz (Espainia) 1 (10-6, 4-10, 5-2)

• Emakumezkoen gomazko paleta (30 m) · Finalerdia: Nagore Martín (Euskadi) 2 – Dulce Figueroa (Mexiko) 0 (15-10, 15-6)

• Gizonezkoen banakako zesta-punta: Ortzi Aldazabal (Euskadi) 2 – Olharan (Frantzia) 1 (11-15, 15-3, 10-0)

• Emakumezkoen banakako zesta-punta: Maialen Aldazabal (Euskadi) 0 – Erika Mugartegi (Espainia) 2 (5-15, 8-15)

• Emakumezkoen frontballa · Finalerdia: Miren Larrarte (Euskadi) 0 – Paola Reyes (Mexiko) 2 (8-10, 5-10)

• Pilota egokitua (36 m): Sergio Rodríguez eta Germán Elkoro / Beñat Lizaso (Euskadi) 0 – Leroy eta Cabanne (Frantzia) 2 (7-15, 3-15)

• Larruzko paleta: Iñaki Urrutia eta Ibai Pérez / Markel Sierra (Euskadi) 0 – Román Maldonado eta Mateo Billorou (Argentina) 2 (4-15, 9-15)