Noticias

25oct
HAMABI DOMINA MUNDUKO TXAPELKETA HISTORIKO BATI AMAIERA EMATEKO: 4 URRE, 7 ZILAR ETA BRONTZE 1 Deporte

HAMABI DOMINA MUNDUKO TXAPELKETA HISTORIKO BATI AMAIERA EMATEKO: 4 URRE, 7 ZILAR ETA BRONTZE 1

Azken jardunaldiak hiru zilar eta Miren Larrarteren brontzea ekarri ditu.

Euskal Pilota Selekzioak hamabi dominarekin amaitu du FIPVren XX. Munduko Txapelketa: lau urre, zazpi zilar eta brontze bat. Azken jardunaldian, Miren Larrartek brontzea eskuratu du frontballean; zilarra, berriz, Julen Alberdik frontballean, Germán Elkorok eta Edorta De Antak 36 metroko pilotalekuko parapilotan, eta Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek pala motzean.

Emakumezkoen frontballa: Miren Larrarte, munduko hirugarrena

Goizean goiz, Miren Larrartek 10-5 eta 10-8 irabazi dio Rengel venezuelarrari hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan. Lehen jokoan oso ondo eta erritmo onean aritu da, eta erraz irabazi du. Bigarrenean, partida korapilatu egin da: bi pilotariek dezente oztopatu dute elkar erdialdean, eta Larrartek sufritu egin du. Rengel aurretik jarri da, baina Larrartek dejada batekin erritmoa berreskuratu eta jokoari buelta eman dio. Merezitako brontzea.

Gizonezkoen frontballa: zilarra Julen Alberdirentzat

Julen Alberdik oso final zaila izan du Niño Abraham mexikarraren aurka (6-10 eta 3-10). Mexikarrak oso luze jokatu dio hasieratik, eta Alberdi lekuz kanpo samar ibili da bi jokoetan. Lehenengoan, pilota aldatu ondoren berdintzea lortu du, baina Niño Abrahamek, maila bikaina erakutsiz, berriro ihes egin dio markagailuan. Hala ere, Alberdik txapelketa bikaina egin du: Santi Yaniz espainiarrari irabazi zion finalerdietan, eta finalera iristea lorpen garrantzitsua izan da. Taldearen balorazioaren arabera, selekzioak koska bat gora egin du frontballean, eta Mexikoren eta Espainiaren mailara hurbildu da, martxotik entrenatzen ari den talde batekin.

36 metroko parapilota: zilarra trinketeko txapeldunentzat

Germán Elkorok eta Edorta De Antak, duela bi egun trinketean munduko txapeldun izan zirenek, 36 metroko pilotalekuko finala galdu dute Navarro eta Cabanne frantziarren aurka (9-15 eta 9-15). Partida gogorra, luzea eta pilotakada askokoa espero zen, eta halaxe izan da. Euskal bikotea lehen jokoan aurretik hasi bada ere, frantziarrek berdindu eta beren erritmoa ezarri dute; batez ere atzelariak, ez baitu huts bakar bat ere egin. Hor erabaki da partida: huts gutxien egin duenak irabazi du. Frantziak merezita irabazi du.

Pala motza: zilarra hiru jokoren ondoren

Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek finala galdu dute Baeza eta Insausti espainiarren aurka, 15-9, 11-15 eta 5-10. Lehen jokoa erraz irabazi dute, oso ondo jokatuta. Bigarrenean, Espainia aurretik jarri da eta konfiantza hartu du. Euskaldunak berriro hobeto jokatzen ari zirenean, Espainiak lesio baten ondorioz aldaketa egin du, eta partidaren dinamika aldatu da. Hirugarren jokoa nahiko arraroa izan da: atzelari bat aurrean jarri dute, bi ezkerreko aritu dira, eta gauzak korapilatu egin dira. «Burua altxatu behar dugu, ondo jokatu dugulako eta, oro har, txapelketa ona egin dugulako», azaldu dute.

Balantzea: hamabi domina

Domina lortzeko 15 aukeretatik, Euskal Pilota Selekzioak 12 baliatu ditu, eta xarean laugarren postua ere lortu du. Hamaika final jokatu ditu, eta hamabi dominarekin itzuliko da etxera. Urrea gizonezkoen binakako zesta-puntan (Barandika eta Lekerikabeaskoa), trinketeko parapilotan (De Anta eta Elkoro), binakako esku pilotan (Lizeaga eta Elorz) eta gizonezkoen banakako zesta-puntan (Erkiaga). Zilarra emakumezkoen binakako zesta-puntan (Ortiz de Mendivil eta Goikoetxea), banakako esku pilotan (Irribarria eta Carregal), emakumezkoen banakako zesta-puntan (Barrenetxea), emakumezkoen gomazko paletan (Martín), gizonezkoen frontballean (Alberdi), 36 metroko pilotalekuko parapilotan (Elkoro eta De Anta) eta pala motzean (Gaubeka eta Ibañez). Eta brontzea emakumezkoen frontballean (Larrarte).

Zorionak pilotariei, teknikariei eta ordezkaritza osoari. Aupa, Euskal Pilota Selekzioa¡

Jardunaldiko emaitzak

•  Emakumezkoen frontballa · 3./4. postua: Miren Larrarte (Euskadi) 2 – Rengel (Venezuela) 0 (10-5, 10-8) · BRONTZEA

•  Gizonezkoen frontballa · FINALA: Julen Alberdi (Euskadi) 0 – Niño Abraham (Mexiko) 2 (6-10, 3-10) · ZILARRA

•  36 metroko parapilota · FINALA: Germán Elkoro eta Edorta De Anta (Euskadi) 0 – Navarro eta Cabanne (Frantzia) 2 (9-15, 9-15) · ZILARRA

•  Pala motza · FINALA: Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez (Euskadi) 1 – Baeza eta Insausti (Espainia) 2 (15-9, 11-15, 5-10) · ZILARRA