Berriak
2024ko HERRIARTEKO TXAPELKETAKO FINALAK ASTEBURU HONETAN
Ostiralean Deban Erremintako finala jokatuko eta igandean berriz Zumarragan Eskuzko finala.
EHko Herriarteko bi final jokatuko dira asteburu honetan Deban eta Zumarragan. Ostiralean arratsaldeko 19:30etan hasita EHko Erremintako finala izango da jokoan Errenteria eta Sestao herrien artean Debako pilotalekuan. Herri bakoitzak bere lurraldeko txapelketa irabazi eta gero Euskal Herrikoa jokatuko dute final zuzenean Larruzko Paleta eta Pala Motza nagusiak kategorian. Oso final berdindua izatea espero da eta detaile txikiek erabakiko dute azken emaitza.
Igandean berriz, EHko Eskuzko Herriarteko txapelketaren finalaren txanda izango da Zumarragako Beloki pilotalekuan eta bertan Markina-Xemein eta Gasteiz arituko dira nor baino nor. Aurreko asteburuan jokatu ziren finalerdiak eta Markina-Xemeinek pronostikoak bete eta gero, 3-0 erraz irabazita Larrauni, eta Gasteizek Oiartzunen aurka sorpresa eman eta gero, 2-1 irabazita, igande honetan lehen aldiz elkarren aurka lehiatuko dira. Gazte kategorian oso faborito dira Markinarrak baina Kadete eta Nagusi kategorietan ez dago faborito argirik, beraz, Gasteizek jaialdiko kadete kategoriako finala irabazten badu, seguru asko Nagusi kategorian jokatuko da azken txapel orokorra.
Ostiraleko Debako finala zuzenean Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Facebook orrialdetik eskainiko da eta igandeko Zumarragako finala ETB 4 telebista katetik zuzenean emango da.