Berriak

EUSKAL PILOTA SELEKZIOAREN KAMISETA HISTORIKO BERRIAREN AURKZEPENA
Gaur goizean, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Euskal Pilota Selekzioaren kamiseta historiko berria aurkeztu du Abadiñoko bere egoitzan, FIPVeko (Nazioarteko Pilota Federazioa) kide oso gisa parte hartuko duen lehen nazioarteko txapelketaren harira.
Kamiseta historiko hau Gernika-Lumon ekainaren 1etik 6ra jokatuko den 54 Metroko Nazioen Ligarako diseinatu da bereziki, eta selekzioaren nortasuna eta nazioarteko izaera berria islatu nahi ditu.
Diseinua Euskal Herriko enpresei zuzendutako lehiaketa ireki baten bidez egin da, eta irabazle atera da Diseño y Servicios Industriales Onin S.L. enpresa nafarra, Serigrafia.eus marka komertzialaren bidez ezaguna. Eskirozen (Nafarroa) kokatua, enpresa honek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du kirol-arropa ekoizpenean, eta hainbat talderekin lan egin du, hala nola Osasuna, Alavés, Erreala edo pilotako klub ugarirekin.
Kamisetak Nafarroan bertan ekoitzi dira, kalitate handiko materialekin, eta honako ziurtagiriek bermatzen dute jasangarritasuna eta lan-baldintza duinak: GOTS, GRS, OEKO-TEX® eta Fair Wear Foundation. Txapelketarako hiru koloretan ekoitzi dira kamisetak —berdea, gorria eta beltza—, baina berdea izango da Federazioaren merchandising-eredu ofiziala.
Aurkezpenean, Zesta Punta modalitateko joko-materialaren xehetasun teknikoak ere azaldu dira, Gernika-Lumoko lehiaketan erabiliko direnak:
Pilota ofizialak:
- Gizonezkoen kategoria: 120–130 g – 63–64 mm diametro
- Emakumezkoen kategoria: 110–120 g – 62 mm diametro
Xistera:
- Eskuz egina, gaztainondo egurraz eta zumez
- Aroa, saihetsak, takoa, eskularrua (larruzkoa edo antzekoa), erraboila eta mihia ditu
- Luzera zuzenean: 62–69 zm – Kurbaturarekin: 90–100 cm
- Sakonera: 15–16 cm
- Zabalera: 13 cm
Ekitaldi hau izango da datozen aurkezpenen eta ekitaldi instituzionalen hasiera. Hurrengo asteartean aurkeztuko dira Euskal Pilota Selekzioa ordezkatuko duten pilotari hautatuak.