Berriak

20ira
BI BRONTZE EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT MUNDUKO 23 URTEZ AZPIKO TXAPELKETAKO JARDUNALDI HISTORIKOA Kirola

BI BRONTZE EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT MUNDUKO 23 URTEZ AZPIKO TXAPELKETAKO JARDUNALDI HISTORIKOA

Euskal Pilota Selekzioak bi brontzezko domina baliotsu lortu ditu Eskuz Binaka eta Larruzko Paletan, eta Xare modalitatean hirugarrena hurbil izan du, etxeko Argentina talde gogorraren aurka jokatutako norgehiagoka parekatuan.

🥉 ESKUZ BINAKA – EUSKADIK HISTORIA EGIN DU ETA FIPV-EKO MUNDUKO TXAPELKETA OFIZIAL BATEAN LEHEN DOMINA LORTU DU

Trinketeko 23 urtez azpiko Munduko Txapelketako azken jardunaldia ezin hobeto hasi da Euskal Pilota Selekzioarentzat. Eskuz Binaka modalitatean brontzezko domina zegoen jokoan, eta gure ordezkariek argi zuten helburua: guztia ematea.

Eneko Uribe hautatzaileak Ibai Arroitajauregi eta David Alonso bikotearen aldeko apustua egin du partida erabakigarri honetan, eta Espainia izan dute aurrean, Okariz eta Arribas pilotariekin.

Partida ez da ondo hasi Euskadirentzat. Espainiak bere jokoa inposatu du hasieratik eta 5-1 aurreratu da markagailuan, Okarizen sake eraginkorra eta gureen akats batzuek lagunduta. Hala ere, bikote euskaldunak lasaitasuna mantendu du eta, behin kantxan ongi kokatuta, bere bertsiorik onena erakusten hasi da, 6 tantotara berdintzea lortu arte.

Hortik aurrera, lehen seta berdindua eta zirraragarria bihurtu da. 11-11 berdinketarekin, tentsioa nabaria zen, eta guztiek zekiten historian lehen domina lortzeko aukera hurbil zegoela. Une horretan, Ibai eta Davidek aurrerapauso bat eman dute, erabaki eta maila tekniko handia erakutsiz, 11-15 irabaziz lehen seta.

Bigarren setak aurreko setak bezala ekin dio. 7-7 berdinketara iritsi dira, bi bikoteak euren onena ematen ari zirela. Baina gureek, buruz oso kontzentratuta, tanto bakoitza ongi kudeatu dute eta abantaila garrantzitsua lortu dute amaierako zatian (9-12). Azken tantoetan, joko eta emozio handiko tantoen ostean, bikote euskaldunak 10-15 irabazi du bigarren seta, eta horrela, brontzezko domina ziurtatu du.

Hau da Euskal Pilota Selekzioak FIPVk antolatutako munduko txapelketa batean lortutako lehen domina ofiziala, lorpen historikoa, talde osoaren lana, ilusioa eta konpromisoa islatzen dituena.

🥉BIGARREN BRONTZEA EUSKADIRENTZAT PALETA LARRUZ ESPEZIALITATEAN, MEXIKOREN AURKA JOKATUTAKO PARTIDA SERIOAREN OSTEAN

Eskuz Binakako lehen brontzea ospatzeko ia astirik gabe, Euskal Pilota Selekzioak eguneko bigarren helburu nagusiari ekin dio: Larruzko Paletan brontzezko domina lortzea. Oraingoan ere, Endika García eta Markel Sierra izan dira gure ordezkariak, eta berriro ere duten kalitatea eta konpromisoa erakutsi dute hitzordu historiko batean.

Aurrez aurre Mexikoko selekzioa izan dute, Méndez–Jardón bikotearekin, ilusioz beterik eta euskaldunen festa zapuzteko prest. Baina gureek argi zuten ez zutela ezer oparituko.

Lehen seta ikaragarri ongi hasi da gureentzat. Jarrera sendoarekin eta elkarlanean bikain arituta, 5-0 aurreratu dira markagailuan, bai sakean bai errematean nagusi. Mexikarren erreakzio xume batek 6-3 arte gerturatu dituen arren, Endika eta Markelek ez dute lasaitasunik galdu, eta erritmoa beren esku mantendu dute, 15-6-ko emaitzarekin seta irabazteko.

Bigarren setean, ordea, guztiz aldatu da partidaren norabidea. Mexikarrek ausardiaz jokatu dute, ezer galtzeko gabe, eta hasiera bikaina izan dute, 1-6 aurretik jarrita. Une zailak izan dira guretzat, partidaren kontrola galtzeko arriskuan. Baina Endika eta Markelek harrotasuna eta esperientzia baliatu dute: 11.000 kilometro eginda ez ziren etxera domina barik bueltatuko. 

Erreakzio ikusgarria izan dute: 10-0ko partziala, markagailua irauli eta 11-6 aurretik jartzeko. Mexikok beste ahalegin bat egin du eta 12-9 hurbildu dira, baina berriz ere euskal bikoteak bere onena atera du eta 15-9-ko emaitzarekin itxi du seta, partida eta brontzezko domina eskuratuz.

Garaipen honekin, Euskadik bere bigarren domina ofiziala lortu du FIPVren 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan. Lorpen honek talde-lanaren, pilotari guztien konpromisoaren eta euskal selekzioaren nazioarteko hazkundearen isla zuzena da.

❌HIRUGARREN BRONTZEAK ALDE EGIN DU ARGENTINARREN AURKAKO XAREKO LEHIA ESTU BATEAN

Goizean lortutako bi brontzeen ondoren, Euskal Pilota Selekzioak eguneko hirugarren helburu nagusia zuen jokoan: Xare modalitatean beste domina bat eskuratzea. Aurkaria, Argentina bera, Gil – Amoreo pilotariak ordezkatua, txapelketako lehen partidan irabazi zigutenak hain zuzen ere.  

Partida erabakigarri honetarako, Mikel Uzkudun hautatzaileak, Xuban Lopetegi eta Oier Iturbe kantxaratzea erabaki du. Neurketa oso parekatua hasi da baina lau pilotariek ohikoa baino akats gehiago egin dituzte tentsioak eraginda. Markagailuak berdintasun hori islatu du 12-12 arte, eta momentu horretan edozer gerta zitekeen. Azkenean, argentinarrek azken tantoak hobeto kudeatu dituzte, eta 15-12 irabazi dute lehen seta.

Bigarren setean, Uzkudunek partida bakoitzean egin daitekeen aldaketa bakarra egin du: Markel Mujika Iturberen ordez sartu da atzelari lanetan. Hala ere, hain abiadura handiko espezialitate batean "hotzean" sartzea zaila izan da, eta argentinarrek 1-7 aurreratu dira markagailuan, gure akatsak baliatuz eta oso sendo jokatuz.

Baina euskaldunek ez dute amore eman. Markel pixkanaka jokoan sartu daXuban ausardiaz errematatzen hasi da, eta erreakzioa etorri da: 6-8, eta dena posible zen. Helburua argia zen: hirugarren seta behartzea eta brontzea bukaeraraino borrokatzea. Hala ere, etxekoek kontzentrazioari eutsi diote, hutsik egin gabe, eta bigarren seta ere bereganatu dute, 15-9.

Pena handia hainbeste desiratutako hirugarren domina lortu ez izana, baina Xareko parte-hartzea oso duina izan da: txapelketako partida guztietan maila bikainean lehiatu da eta porrotak beti oso estuak izan dira.

Munduko txapelketa batean laugarren postu hau harro egoteko arrazoia izan behar da, eta, batez ere, etorkizuneko lehiaketetan hazten jarraitzeko motibazioa.

🧾 TRINKETEKO 23 URTEZ AZPIKO MUNDUKO TXAPELKETAREN AZKEN BALORAZIOA

Euskal Pilota Selekzioaren parte-hartzea 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Lehen Txapelketan amaitu da, bi brontzezko dominalaugarren postu bat eta bosgarren postu bat lortuta. Horrek guztiak balantze oso positiboa suposatzen du gure federazioarentzat.

Nahiz eta zenbait espezialitatetan gehiago lortzeko aukera izan dugun, ezin dugu ahaztu trinketea ez dagoela oso errotua gure lurraldean. Hori kontuan hartuta, lortutako emaitzek oinarri sendoa eskaintzen dute etorkizun lehiakor baterako, eta aurrerapauso itxaropentsu bat gure federazioarentzat.

Txapelketa honek gure benetako maila ebaluatzeko balio izan du, alde batetik indarguneak azaleratzeko —hala nola, paleta larruz eta eskuz binaka espezialitateetan—, eta bestetik  gehiago landu behar ditugun espezialitateak identifikatzeko. Helburua, etorkizunean espezialitate guztietan lehiakorrak izatea. ,

Hautatzaileek eta teknikariek egindako lan bikaina azpimarratu nahi dugu, baita pilotarien erabateko entrega ere, partida bakoitzean dena eman baitute eta giza talde eredugarria osatu dute, bai kantxa barruan zein kanpoan.

Bihar itzuliko gara Euskal Herrira, lan ona egindako sentsazioarekin eta ikasitako ikasgai ugarirekin. Espedizioa astelehen gauean iritsiko da Loiuko aireportura, hurrengo erronkei begira. 

Eskerrik asko bihotz-bihotzez etxetik jasotako babes guztiagatik.