Berriak

15aza
FINALERDIAK, EMOZIO BIZIKO NORGEHIAGOKAK ETA FINALERAKO TXARTEL BAKARRA EUSKAL SELEKZIOARENTZAT Kirola

FINALERDIAK, EMOZIO BIZIKO NORGEHIAGOKAK ETA FINALERAKO TXARTEL BAKARRA EUSKAL SELEKZIOARENTZAT

Ostiralean, azaroaren 14an, jokatu dira Frontballeko Munduko Txapelketako finalerdiak.

Goizean 23 urtez azpiko kategoriak izan dira protagonista, eta arratsaldean, maila absolutua. Euskal Selekzioak hiru ordezkari izan ditu lehian, eta norgehiagoka guztiek izan dute emozioa, sakrifizioa eta maila handiko joko uneak.

 Nora Mendizabal (Sub-23 Emakumezkoak) 🆚 Frantzia (Joana Dutaret)

Ligaxkan garaipena lortu bazuen ere, oraingo finalerdian ez du zorte bera izan Nora Mendizabalek. Partida parekatua izan da, baina akats gehiago egin ditu eta horrek eragina izan du jokoen bukaeretan. Frantziarrak oraingoan gehiago asmatu du, eta nahiz eta norgehiagoka borrokatua izan, 08-10 eta 09-10 galdu ditu bi setak.

➡️ Bihar Espainiaren aurka jokatuko du 3. eta 4. postua.

 Bingen Beitia (Sub-23 Gizonezkoak) 🆚 Frantzia (Allende Chapule)

Txapelketako orain arteko partidarik onena jokatu da hemen.  Bingen Beitiak eta Allende Chapulek erritmo bizian, joko erasokorrean eta tanto ikusgarriekin osatutako finalaurrekoa eskaini dute. Lehen setean Beitia nagusi: 10-08. Bigarren setean nekea eta akatsak pilatu dira, eta frantziarrak partida berdindu du: 05-10.
Hirugarren joko erabakigarrian, Beitia atzetik hasi bada ere (1-3), hutsarte batek aldaketa ekarri du: 4-4 berdinketaren ondoren tanto perfektua jokatu eta 5-4 irabazi du.

➡️ Finalerako txartela eskuratu du, eta Mexikoren aurka jokatuko du titulua.

 Miren Larrarte (Emakumezkoen Absolutua) 🆚 Mexiko (Paola Reyes)

Munduko txapeldunaren aurka jokatu du Miren Larrartek, eta hasieratik aurkariaren jokoari eustea zaila egin zaio. Lehen jokoan 04-10 galdu du, eta bigarrenean 05-09 atzetik zihoala ausardiaz jokatu du eta 9na berdindu du. Azken tantoan, presiorik gabeko hutsa egin eta seta eta partida galdu du: 09-10.

➡️ Bihar Frantziaren aurka lehiatuko da 3. postuaren bila.

🟢 Finala eta bi hirugarren postu jokoan: larunbata erabakigarria izango da

Euskal Selekzioak final bat eta bi 3. eta 4. postu jokatuko ditu azaroaren 15ean (larunbata). Pilotariek grina eta maila erakutsi dute finalerdietan, eta goi mailako borroka izango da biharkoa.

📌 Biharko partidak:

  • 🥉 Sub-23 Emakumezkoak – EUSKADI vs ESPAINIA
  • 🥉 Emakumezkoak Absolutua – EUSKADI vs FRANTZIA
  • 🏆 Sub-23 Gizonezkoak FINALA – EUSKADI vs MEXIKO

 

🔜 Amaiera gertu dago eta gure pilotariak guztia emateko prest daude¡