Berriak
EUSKAL PILOTA SELEKZIOA, CIJBKO MUNDUKO TXAPELKETAKO GARAILE ABSOLUTUA
Mendozan jokatutako 8 modalitateetan 8 domina eskuratu ditu: 4 urre, 3 zilar eta brontze 1, txapelketa bikaina biribilduz.
Apirilak 12an amaiera eman zaio CIJBk antolatutako Munduko Txapelketari, eta Euskal Selekzioak emaitza ikusgarriak lortu ditu. Mendozan jokatutako 8 modalitateetan (4 emakumezkoetan eta 4 gizonezkoetan), guztira 8 domina eskuratu dira: gizonezkoek urre bat, bi zilar eta brontze bat; emakumezkoek, berriz, hiru urre eta zilar bat. Oro har, gure pilotariek —neskek zein mutilek— nagusitasun handia erakutsi dute, eta txapelketako garaile absolutuak izan dira.
Gaurko jardunaldiari dagokionez, goizeko lehen orduan finalerdi lehiatua jokatu dugu Herbeheretarren aurka. Partida ona egin dugu, une askotan estu hartu ditugu, baina azken xehetasunetan eta zorte apur batean motz geratu gara. Hala ere, argi dugu haien mailan gaudela, eta etorkizunean gehiago estutzeko gai izango garela.
Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Frantziaren aurka aritu gara, eta garaipena eroso eskuratu dugu.
Gizonezkoen partida amaitu bezain pronto, gure neskek Llargueseko finala jokatu dute Herbeheretarren kontra. Euskal Selekzioak partida serio eta sendoa egin du, eta garaipena bereganatu du.
Egunari eta txapelketari amaiera emateko, gure neskek eta mutilek manito/4 Paredeseko finalak jokatu dituzte. Emakumezkoek Valentziaren aurka aritu dira eta partida ondo kudeatuta irabazi dute. Gizonezkoek, aldiz, Argentinaren aurka jokatu dute; asko borrokatu badute ere, argentinarren joko sendoak ez die aukerarik eman.
Laburbilduz, emaitzak bikainak izan dira: 50 partida jokatu eta 4 urre, 3 zilar eta brontze bat lortu dira. Zaila da gehiago eskatzea. Txapelketa bikaina egin dute gureek, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu Mendozan gurekin izan diren euskaldun guztiei, baita Euskal Herritik babesa bidali duten guztiei ere. Hurrengoan are hobeto egiten saiatuko gara.
Emaitzak:
Llargues Gizonezkoak:
Finalerdiak:
- Euskal Selekzioa 4 – Herbehereak 6
3. eta 4. Postua:
- Euskal Selekzioa 6 - Frantzia 0
Llargues Emakumezkoak:
Finala:
- Euskal Selekzioa 6 – Herbehereak 1
4 Paredes / Manito:
Finalak:
- Euskal Selekzioa 21 – Valentzia 7
- Euskal Selekzioa 6 – Argentina 21