Berriak

6mai
EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETA AURKEZTU DU EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZAK Kirola

EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETA AURKEZTU DU EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZAK

Euskal Pilota Selekzioaren prestaketarako sortutako txapelketa berriak 30 jaialdi inguru bilduko ditu, maiatzaren 8tik ekainaren 7ra bitartean, Euskal Herriko hainbat udalerritan.

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta AMPO enpresak Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa aurkeztu dute gaur AMPOren Idiazabalgo egoitzan. Txapelketa berria Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatzen da, 2026ko urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketari begira.

Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketak bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, hautatzaileei pilotariak benetako lehiaketa testuinguruan ikusteko eta baloratzeko aukera ematea; eta, bestetik, Euskal Pilota Selekzioa herriz herri sozializatzea, ikusgarri egitea eta herritarrengana hurbiltzea.

Txapelketan zazpi espezialitate jokatuko dira: Larruzko Paleta, Pala Motza, Eskuz Banaka Gizonezkoak frontoi osoan, Eskuz Binaka Gizonezkoak, Eskuz Banaka Emakumezkoak 4 eta erdian, Zesta Punta Banaka Gizonezkoak 36 metroko frontoian eta Zesta Punta Banaka Emakumezkoak 36 metroko frontoian.

Lehiaketa asteburu honetan hasiko da, guztira zazpi jaialdirekin, eta ekainaren 7an amaituko da Burgelun, Zesta Puntako finalekin. Aurretik, ekainaren 6an, erremintako finalak jokatuko dira Sopelan, eta ekainaren 7ko goizean, eskuzko modalitateetako finalak Zumarragan. Bitartean, txapelketa Euskal Herriko hainbat udalerritan barrena garatuko da: Sopela, Deba, Bakio, Ordizia, Barakaldo, Olaberria, Gatika, Beasain, Gernika, Ispaster, Zeanuri, Elorrio, Lemoa, Burgelu, Urretxu, Idiazabal, Galdakao, Abadiño, Segura, Arrasate, Basauri, Lazkao eta Zumarraga.

Eskuzko eta Zesta Puntako modalitateek ligaxkako hiru jardunaldi, finalerdiak eta finala izango dituzte. Pala Motzak eta Larruzko Paletak, berriz, lau jardunaldiko ligaxka eta finala izango dituzte. Guztira, 30 jaialdi inguru antolatzea aurreikusten da, txapelketaren izaera ibiltaria eta lurralde mailako zabalkundea bermatuz.

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren ustez, txapelketa honek balio estrategiko handia du. Kirol ikuspegitik, hautatzaileei pilotarien egungo maila, lehiarako gaitasuna eta errendimendua aztertzeko tresna emango die. Gizarte eta instituzio ikuspegitik, berriz, Euskal Pilota Selekzioaren irudia indartzeko, pilota espezialitateen aniztasuna erakusteko eta Munduko Txapelketaren atarian selekzioaren inguruko interesa handitzeko balioko du.

AMPOren babesarekin, eta txapelketa hartuko duten udalen eta kluben ezinbesteko laguntzarekin, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketak Euskal Pilota Selekzioaren bidea herrietara eramango du, goi mailako pilotariak lehian jarriz eta euskal pilotaren etorkizun estrategikoari begirako urrats garrantzitsua emanez.

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eskerrak eman nahi dizkie AMPOri, txapelketaren babesle nagusi gisa egindako apustuagatik; jaialdiak hartuko dituzten udalei, emandako babes eta lankidetzagatik; eta tokian tokiko klubei, antolaketan izango duten inplikazioagatik. Haien guztien ekarpenik gabe ezinezkoa izango litzateke ezaugarri hauetako txapelketa bat aurrera ateratzea.