Berriak
EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO FINALAK AURKEZTU DIRA ZUMARRAGAN
EEPFk Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako finalak aurkeztu ditu gaur Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean. Finalak ekainaren 6an Sopelan eta ekainaren 7an Zumarragan eta Burgelun jokatuko dira.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako finalen aurkezpena egin du gaur Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean. Bertan izan dira AMPO enpresako ordezkariak, Unai Del Burgo Sopelako alkatea, Nati Lopez de Munain Burgeluko alkatea, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Jose Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea.
Aurkezpenean txapelketaren ibilbidea, finaletako protagonistak eta asteburuan jokatuko diren azken hitzorduak azaldu dira. Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa maiatzaren 10ean abiatu zen Idiazabalen, eta azken asteetan Euskal Herriko hainbat herritan jokatu dira jaialdiak, modalitate ezberdinetako pilotariak bilduz eta Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa lehiakorra indartuz.
Txapelketan zehar, Sopela, Deba, Bakio, Ordizia, Barakaldo, Olaberria, Gatika, Beasain, Gernika, Ispaster, Zeanuri, Elorrio, Lemoa, Burgelu, Urretxu, Idiazabal, Galdakao, Abadiño, Segura, Arrasate, Basauri, Lazkao eta Zumarraga izan dira jaialdien egoitzak. Herri horietan guztietan eskuzko, erremintako eta zesta puntako partidak jokatu dira, eta jardunaldi horien ondorioz osatu dira asteburu honetan jokatuko diren finalak.
Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa txapelketa nagusietako bat izan da. Helburua izan da nazioarteko erronkei begira selekzioaren egitura sendotzea, pilotariei maila handiko lehiaketa eskaintzea eta hautatzaileei kirolariak testuinguru lehiakor batean ikusteko aukera ematea. Horrez gain, txapelketak aukera eman du Euskal Pilota Selekzioa herriz herri hurbiltzeko eta zaleekin lotura sendotzeko.
Aurkezpenean eskerrak eman zaizkie txapelketa posible egin duten erakunde eta pertsona guztiei. Euskadiko Euskal Pilota Federazioak bereziki nabarmendu du AMPO enpresaren babesa, haren laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen tamaina honetako txapelketa aurrera eramatea. Era berean, eskerrak eman zaizkie jaialdiak hartu dituzten udal guztiei, antolakuntzan egindako lanagatik eta euskal pilotari emandako babesagatik.
Federazioak esker ona adierazi die, halaber, txapelketan parte hartu duten pilotari guztiei, baita hautatzaileei eta lantalde teknikoei ere. Guztien lanari esker, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketak maila handiko partidak, giro bikaina eta etorkizuneko nazioarteko hitzorduei begirako prestaketa sendoa eskaini ditu.
Finalak asteburu honetan jokatuko dira hiru egoitzatan. Lehen hitzordua ekainaren 6an, larunbatean, Sopelan izango da, 17:00etan, erremintako finalekin. Paleta Larruz, Madariaga-Sierra eta Landeta-Ibai Perez izango dira aurrez aurre. Pala Motzean, berriz, Gaubeka-Gordon eta Zubiri-Olazabal neurtuko dira.
Ekainaren 7an, igandean, 11:00etan, Zumarragako Beloki pilotalekuan, eskuzko finalak jokatuko dira.Eskuz Banaka 4 1/2 Emakumezkoetan, Arrizabalaga eta Gaminde arituko dira final handian. Eskuz Banaka Gizonezkoetan, Irribarria eta Carregal izango dira aurrez aurre. Eta Eskuz Binaka Gizonezkoetan, Azketa-Bernaolaeta Etxeberria-Elorz bikoteek jokatuko dute txapela.
Egun berean, ekainaren 7an, 17:30ean, Burgelun, Zesta Punta Banakako finalak jokatuko dira. Emakumezkoetan, Helena eta Arakistain izango dira aurrez aurre; gizonezkoetan, berriz, Argoitia eta Txanika arituko dira txapelaren bila.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak gonbidapena luzatu die pilotazale guztiei asteburu honetan Sopelara, Zumarragara eta Burgelura hurbiltzeko. Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketak bere azken hitzorduak izango ditu, eta modalitate guztietan maila handiko finalak espero dira.
Pilotak batzen gaitu, munduak ikusten du.