Berriak

18urr
HIRU GARAIPEN ETA URRATS SENDOAK FINALETARANTZ EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT Kirola

HIRU GARAIPEN ETA URRATS SENDOAK FINALETARANTZ EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT

Aldazabalek eta Erkiagak zesta punta banaka irabazi dute, eta Rodriguezek eta De Antak partida perfektua egin dute parapilotan.

Maialen Aldazabalek eta Aritz Erkiagak Mexiko menderatu dute banakako zesta-puntan, eta Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak partida ezin hobea jokatu dute parapilotan, 36 metroko frontoian. Euskal selekzioak galdu egin du frontballean, binakako zesta-puntan eta gomazko paletan.

Euskal Pilota Selekzioak hiru garaipen lortu ditu sei partidatan, FIPVren XX. Munduko Txapelketako hirugarren jardunaldian. Nabarmentzekoak dira banakako zesta-puntako garaipenak, Aritz Erkiaga finaletik urrats batera utzi dutenak, eta parapilotako bikoteak 36 metroko frontoian jokatutako partida ezin hobea.

Parapilota: partida ezin hobea 36 metroko frontoian

Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak aise menderatu dituzte Herrera eta Irazusta argentinarrak, 15-2 eta 15-1, 36 metroko frontoian. Frontoiko lehen partida zuten, eta berriro Argentinaren aurka, trinketean bezala. Euskal bikotea oso ondo sartu da partidan, eta ez du hutsik egin. Argentinarrek tanto pare bat egin dute hasieran, eta markagailua parekatuta egon da; hortik aurrera, ordea, Euskadik partidaren agintea hartu du eta alde handia zabaldu du, pilota bakar bat ere huts egin gabe. Sergio zein Edorta fin aritu dira, eta tantoak bikain amaitu dituzte. Bigarren setean gauza bera gertatu da, oraingoan hasieratik nagusi izanik. «Oro har, partida ezin hobea egin dugu», laburbildu dute. Bihar Frantziaren aurka jokatuko dute trinketean; ondoren, Brasilen aurkako bi partida izango dituzte, trinketean eta frontoian, eta Frantziaren aurka itxiko dute ligaxka, frontoian.

Banakako zesta-punta: bi garaipen Mexikoren aurka

Buenos Airesen, banakako zesta-puntak bi garaipen utzi ditu Mexikoren aurka. Maialen Aldazabalek 15-6 eta 15-7 irabazi dio Mayorgari. Hasieran zalantzak zeuden kantxak nola erantzungo zuen: aurreko partidan pilota bizi ibili zen, eta gero jokoa moteldu egin zen. Horregatik, partidan sartu eta aurkaria ezagutu arte, urduritasun pixka bat izan da. Behin jokoan sartuta, Maialen oso ondo aritu da: arrisku gutxi hartuta gidatu du partida, erremate on batzuk egin ditu eta nahiko eroso irabazi du.

Aritz Erkiagak 15-7 eta 15-4 menderatu du Ochoa, nahiko partida erosoan. Espainiaren porrotaren ondoren, Erkiagak nahikoa du hurrengo partida irabaztea finalean egoteko.

Binakako zesta-punta: porrota Estatu Batuen aurka

Binakako zesta-puntan, Colonia del Sacramentoko 54 metroko frontoiko ligaxkaren bigarren jardunaldian, Eñaut Urreistik eta Xabier Ibarluzeak 8-15 eta 11-15 galdu dute Johan eta Gorka estatubatuarren aurka. Estatu Batuak oso sendo hasi dira, hutsik gabe eta pilota azkar mugituz; euskal bikoteak, aldiz, ez du partidan sartzerik lortu eta huts dezente egin ditu (8-15). Bigarren setean, 1-4 galtzen ari zirela, Unai Lekerikabeaskoak Ibarluzea ordezkatu du. Haren sarrerarekin partida aldatu egin da: gogortu egin da, tantoak bi aldeetara erori dira eta markagailua bosnara eta zortzinara berdindu da. Hala ere, Estatu Batuek ez dute erritmoa jaitsi, batez ere Gorka atzelariaren partida bikainari esker, eta une erabakigarrietan euskaldunek egindako huts batzuek estatubatuarrei eman diete seta (11-15). Bihar ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta bikote finalistak erabakiko dira. Euskal Pilota Selekzioak aukera handiak ditu oraindik finalean egoteko.

Frontballa: faborito nagusiaren aurka

Gizonezkoen frontballean, Mikel Aurrekoetxeak 6-10 eta 5-10 galdu du Niño Abraham mexikarraren aurka. Mexiko da txapelketako faborito nagusia. Lehen setean, Mikel oso entxufatuta atera da, abiadura eta intentsitate handiz, eta 5-3 aurreratu da; horrek urduri jarri du faborito mexikarra. Mexikok eskatutako atsedenaldiaren ondoren, Niño Abrahamek markagailua irauli du (8-5, 9-6), eta 10-6 itxi du seta. Erritmo handiko seta izan da, ikusleen gozagarria. Bigarrenean, Niño Abrahamek taktika aldatu du Aurrekoetxearen jokoari aurre egiteko, bere joko azkarra ezarri du eta 6-1 aurreratu da. Mikelek ez du amore eman eta kalitate handiko tantoak egin ditu, baina 5-10 galdu du seta. Orain, Peru menderatu behar du ligaxkako hirugarren jardunaldian, finalaurrekoak jomugan. Han, aurreikuspenen arabera, Espainia izango du zain, finalerako txartela jokoan.

Gomazko paleta: aurrerapausoa Frantziaren aurka

Gizonezkoen gomazko paletan, 30 metroko frontoian, Unai Sagarzazuk 10-15, 15-13 eta 8-10 galdu du Frantziaren aurka, baina oso sentsazio onak utzi ditu. Frantzia, modalitateko potentzia, Antoinerekin hasi da; hark asko altxatzen zuen pilota ezkerrez, eta Unairi kosta egin zaio esku horrekin pilota bideratzea. Hala ere, bere ahalmen fisikoari esker, lehen set osoari eutsi dio (10-15). Bigarrenean, Sagarzazu hobeto sartu da: konfiantza handiagoz altxatu du pilota, ondo errematatu du eta paretatik ondo atera du pilota. Seta amaitu aurretik, Frantziak Teo sartu du, modalitateko Frantziako lehen sailkatua. Hotz sartu denez, zalantzak izan ditu eta jokaldi pare batean huts egin du; Unaik 15-13 irabazi du seta. Hirugarrenak antzeko gidoia izan du: Sagarzazuk hartu du ekimena, baina hain partida luzearen nekeak ez dio utzi bi paretako jokaldiak ondo amaitzen. Teo, korrika nekaezina, pilota guztietara iritsi da, ondo gurutzatu du pilota eta 10-8 itxi du seta Frantziarentzat.

Selekziotik aurrerapausoa nabarmendu dute: duela bi urte ez ziren lehiakorrak Frantziaren aurka modalitate honetan, eta gaur parez pare aritu dira. «Hazten ari gara; urtero haiengandik gertuago gaude, bai nesketan, bai mutiletan», baloratu dute.

Jardunaldiko emaitzak

•  Gizonezkoen frontballa: Mikel Aurrekoetxea (Euskadi) 0 – Niño Abraham (Mexiko) 2 (6-10, 5-10)

•  Emakumezkoen banakako zesta-punta: Maialen Aldazabal (Euskadi) 2 – Mayorga (Mexiko) 0 (15-6, 15-7)

•  Gizonezkoen banakako zesta-punta: Aritz Erkiaga (Euskadi) 2 – Ochoa (Mexiko) 0 (15-7, 15-4)

•  Gizonezkoen binakako zesta-punta: Eñaut Urreisti eta Xabier Ibarluzea / Unai Lekerikabeaskoa (Euskadi) 0 – Johan eta Gorka (AEB) 2 (8-15, 11-15)

•  Gizonezkoen gomazko paleta (30 m): Unai Sagarzazu (Euskadi) 1 – Pucheus (Frantzia) 2 (10-15, 15-13, 8-10)

•  Parapilota (36 m-ko frontoia): Sergio Rodriguez eta Edorta De Anta (Euskadi) 2 – Herrera eta Irazusta (Argentina) 0 (15-2, 15-1)